Kaixo lagunok!

Zerbait azaltzeko beharretan nago, ez bainaiz lasai geldituko guztia esplikatu arte.

Arazo bat daukat. Pornografiari buruzko blog bat daukat. Ez, hau ez da arazoa. Arazoa zera da, kristau talde bat nire etxeko atarian kokatu dela, nire blogari aurre egiteko asmoz. Hala ere, argi daukat ez dudala atzera egingo, nori egiten ote dio kalte? Ez bazaie gustatzen ez dute zertan irakurri beharrik. Pertsona bakoitzak erabakitzen du zer irakurri, zer ez irakurri edo non sartu eta ez sartu interneten. Nik ez dut inor behartzen nire pornografiari buruzko bloga irakurtzera edo/eta nik bertan idazten dudanari buruzko erantzunak idaztera. Gainera, zergatik dago gaizki pornografiaz hitz egitea, gauza naturala da eta. Gorputza, honen beharrak, guztion behar eta plazerak. Zer dago gaizki? Txokolatea jatea moduko gauza da sexua, eta hortaz blog batean idaztea, txokolateari buruzko blog bat idaztearen antza dauka. Ez dugu inor kritikatzen txokolateari buruz idazterakoan.

Beraz, uste dut ez dudala inolako errurik. Ez dut ezer txarrik egin eta ondorioz, ezin didate horrela kritikatu. Nik ez dut haien pentsaera kritikatzen, beraien pentsaerarekin ados ez banago ere. Hau ez dute kontutan hartu.

Kontua da, nire etxe aurrean jartzen direla egunero, manifestazioa eginaz, nire bloga ixteko asmoz. Zer egin dezaket? Bloga itxi behingoz, lasai bizi, baina nire adierazpen askatasunari uko egin, zentsura ezarriz? Edo blogarekin segi, haien kexak egunero entzunaz, eta adierazpen askatasunari ateak irekiz?

Alde biak dute zerbait txarra. Hala ere, gogoeta sakona eginaz, guzti honi konponbidea aurkitzera heldu naiz: Blog sarrera hau.

Nirea defendatzeko erabili ditudan argudio guztiak dira hauek, blog sarrera honetan idatzita agertzen direnak. Beharbada ez dira adina izango nahaspila guzti hau konpontzeko, baina sarrera hau da egin ahal dudan gauza bakarra, beraz, nire kontra egiten dutenentzat dago idatzita.