Ikasketak bukatu ditut. Lau urtez egon naiz ikus-entzunezkoen komunikazioko gradua ikasten eta azkenik bukatu dut. Ez dut esan nahi ez nuela gustuko ikus-entzunezkoak ikastea, baina ikastea beti kostatzen da, eta behin lau urte emanda honekin zerikusia duen lan bat aurkitzeko, badut gogoa hasteko.

Hala ere, krisia dela eta ez dela, lana aurkitzeko zailtasun ugari izan ditut. Gaur arte. Eskaintza bat dut, ABC egunkarian lan egiteko. Nire kurrikuluma enpresa askotara bidali badut ere, eskaintza bakarra izan da eta beraz, ez daukat askorik aukeratu ahal izateko. Baina eskaintza honek alde txar batzuk ditu, lan guztiek bezala. Bizilekuz aldatu beharko naiz, eskaintza honek espresuki eskatzen didalako Madrilen lan egitea, eta Madril oso urruti dago egunero bueltaka ibiltzea nahi badut!

Ez, Madrilera bizitzera joan beharko nintzen. Behintzat nahiko eskuzabalak izan dira soldatarekin, eta etxe berri bat erosteko arazorik ez dut izango, denborarekin eta lan horretan jarraitzen badut, etxea ordaintzeko adina edukiko dut.

Ezagutzen dudan jende guztia hemen geldituko da. Maite dudan jendea ehunka kilometrotara. Bakarrik sentituko naiz, xake-joko batean erregeari xake matea egiten dioten bezala. Ez dut inor ezagutuko, ezta lekua ezagutuko (ez bainaiz inoiz egon bertan), gainera, hiria ez da nire tokia, faltan botako ditut Euskal Herriko mendi ederrak. Baita itsaso gaziaren usain goxoa.

Baina ez daukat irtenbiderik. Madrilera ez banaiz joaten, ez dut lanik edukiko, ezta dirurik. Eta horrelako eskaintzak, gaur egun eta momentu honetan, ezin dira xahutu, krisia dela eta. Beraz, bertara joango naiz. Ez daukat ezer erabakitzerik, lana nahi badut (eta esperientzia ezin hobea, hori ere esan behar da) Madrilen bizi beharko naiz. Agian lagun berriak aurkituko ditut. Familia ezin da ordeztu, baina gutxiago ikusiko ditudanez senideak, berriz bueltatzerakoan ilusio gehiagorekin besarkatuko ditut. Gauza onak ere baditu beste leku batera joateak bizitzera.

Beraz, baiezkoa emango diet ABC-koei eta maletak egiten hasiko naiz, ea ondo joaten zaidan nire bizitzaren garai berri honetan. Aldaketak ez dira beti txarrak eta ziur nago eskaintza hau oso baliagarria izango zaidala etorkizunerako.

Bon voyage!

Advertisements